| Ondare artistikoa |
|
Arte arloari dagokionez Iurretako elizateak zeharo adibide ederrak ditu, bai erlijio mailakoak bai zibilak. ARKITEKTURA ZIBILEAN baserria dugu aipagarri: eraikin mota hau Elizateko ohiko etxebizitza izan da hainbat mendetan zehar. Normala denez, etxe mota honek sasoian sasoiko bilakaera bizi behar izan du, leiho, material, ate handia eta abarri dagokionez. Gaur egun dirauten zaharrenak XVIII. mendekoak dira, horien artean Santa Apoloniako Iturriotz, San Faustoko Olabe Mayor, eta Santa Apoloniako Uribeondo. Esan dezagun XVII. mendearen bigarren erdialdean eta XVlII.aren lehenengoan baserriak egurra erabiltzeari uzten hasi zirela, ordura arteko eraikuntza elementu nagusiena zena baztertuz. Orduan agertu zen ate handiko zutabea, eraikinaren karrera jausi ez zedin. Garai honetako baserri aipagarriak Santa Marinako Ertzille Urruti, Iurretako Babarri, Orozketako Etxaran eta Santa Marinako Gaztañatzabeitia ditugu, besteak beste. XVIII. mendearen bigarren erdialdetk aurrera harlanduzko dobela-arkua agertu zen, fatxada oso-osorik ixteko aukera ematen zuena. 1741ean eraikitako Santa Marinako Uribe Mayor edo 1764an eraikitako Santa Apoloniako San Julian Baserri-Jauregia (fatxadan lanketa eta pintura interesgarriak azaltzen ditu) garai hartan eraiki edo berriztutako baserri aipagarriak dira.
Baserri bakoitzak bere historia darama aldean eta horren ondorioz batzuek armarriak erakusten dizkigute fatxadetan: Orozketako Etxaran baserriak Berriz-Ganboa leinuaren armarria azaltzen du. Amatza Bekoa baserriak, aldiz, bertan jaiotako Juan Jose Maiztegik, 1933an Panamako lehen Artzapezpiku izendatu zutenean, propiotzat hartutako armak ditu agerian. Baserrietatik hurbil zenbait eraikin egon ohi da, hala nola ogia egiteko labeak, garaixeak eta arnagak. Hauen artean Santa Marinan Ertzille baserriaren aurrean dagoen izen bereko garaixea nabarmendu behar dugu, 1655ean jadanik aipatua eta 1986-87an Bizkaiko Foru Aldundiak berriztua. Goiuriako Baserri-Jauregiaren aurrean beste garaixe bat dago, baina Ertzillekoari gertatu ez bezala, bigarren honi hormak geroxeago erantsi zizkioten eta horrek guztiz itxuraldatu du garaixea. Auzo honetan bertan, Uribarren Goikoa baserriaren aurrean hain artez ere, oso arnaga interesgarria topa dezakegu. Arnagak negurako bedar edo lastoa gordetzeko eraikinak dira eta garaixeen aldean badute desberdintasunik, ezen zutoinen gainean egon beharrean horma baten gainean eraikiak baitira. ![]() Baserriarekiko loturarik gabeko eraikin zibilen artean 1739an egindako abade-etxea daukagu alde batetik, eta bestetik 1670 inguruan altxatutako Goikolea Jauregia, Iurretako Dorretxea zenaren orubean bertan agertzen dena, gaur egun Iurretako Elizateko Udaletxea dagoen etxea, hain zuzen ere. Jauregi honek Iurreta-Ganboatarren armaria agertzen du fatxadan. Komunikabide garrantzitsu ugari artean egon izanak Iurretan bide-azpiegiturarekin lotutako zenbait elementu mantentzea ahalbidetu du, esate baterako Arandiako zubi ederra, XVlII.mendeko eraikin barroko sendoa izanda, edota 1831n Arriandin jarritako bide-adierazlea, "Arrantza Portuetarako Bidea" egin zenekoa ". Behin arkitektura zibila azalduta, ERLIJIO-ARKITEIITURAREN txanda datorkigu ondoren. Zalantza barik arlo honetako eraikin nagusiena Iurretako San Miguel Arcangel eliza da; gaur egun dagoen eraikina XIX. mendearen hasieran egin zuten, aurrenekoa botatakoan, eta San Miguel egunean inauguratu zuten, hots, 1815eko irailaren 29an. Iurretako eliza hau Alejo de Mirandak Larrabetzuko eliza eredutzat hartuta diseinatu zuen, eredutzat erabilitako eliza hura Ventura Rodriguezek 1777 an egin zuelarik. Elizaren alboan rococo estilodun kanpai-dorrea dago, 1753an hasi eta 1788an bukatua. Hiru edo lau gorputz gainjarritan banaturik dago, progresio beherakorrean: batetik oinarrizko gorputza dago, errektangeluarra eta itsua. Bigarrenak kanpai - leihoak azaltzen ditu, baranda apaingarriaz hornitua eta ondoren goialdeko kupula eta linterna apaingarria dago. 1833an oinaztarri batek gogor kaltetu zuenez, geroago konpondua izan zen Francisco Mª de Aguirreren aginduetara. Elizaren barrualdean San Miguel Arkanjeluren irudiko erretaula modernoa da nagusi, aurreko beste batetik eratorria. Bestalde, albo batean Pablo Cuevas "Aizeoiala" artistak duela gutxi egindako beste aldare bat dago.
Normala denez, auzotarren artean nork bere lekuko ermitari dio atxikimendua, baina baten bat nabarmentzekotan Goiuriakoa esan liteke, arkupean XI. mendeko tradizio mozarabiarreko leiho aurre-erromaniko ikusgarria du eta. Hurbil-hurbilean XI. mendeko hainbat hilarri topatu eta Bilbaon dagoen Bizkaiko Historia Museora eroan zituzten, publikoak bertan ikus ditzan. Historialari batzuen esanetan Amatzako San Martin Donemiliaga Kukullara emana izan zen 1072ko abuztuaren 26an. Lehengoak bezala, honek ere leiho aurre-erromanikoa dauka atzealdean, baita gezileiho apaindua ere. Santa Apolonian San Julian de Arandia deritzon baseliza dago, 1075ean jadanik aipatua. Barruan abside zirkular interesgarria du baita Santa Apolonia (haginetarako santua dena) nagusi den erretaula ederra ere. Gainerako ermitek ere zenbait arte-elementu azaltzen dituzte, arku apuntatu ateak, gezileihoak eta abar. Horrez guztiaz gain ermiten inguruko bista eta paisaiek merezi dute bisita.
|

Kontratazioak Gehiago

Hileko agenda Gehiago

Argazki galeria Gehiago

Kale izendegia Gehiago

Jaiak Gehiago

Prentsa eta boletinak Gehiago

Larrialdiak Gehiago
Osakidetza
Mancomunidad
Bizkaibus
Euskotren
Diputacion foral de Bizkaia
Iurreta euskaldunon gida