Ondare artistikoa

 

Gaur egun dirauten zaharrenak XVIII. mendekoak dira, horien artean Santa Apoloniako Iturriotz, San Faustoko Olabe Mayor, eta Santa Apoloniako Uribeondo. Esan dezagun XVII. mendearen bigarren erdialdean eta XVlII.aren lehenengoan baserriak egurra erabiltzeari uzten hasi zirela, ordura arteko eraikuntza elementu nagusiena zena baztertuz. Orduan agertu zen ate handiko zutabea, eraikinaren karrera jausi ez zedin. Garai honetako baserri aipagarriak Santa Marinako Ertzille Urruti, Iurretako Babarri, Orozketako Etxaran eta Santa Marinako Gaztañatzabeitia ditugu, besteak beste.

XVIII. mendearen bigarren erdialdetk aurrera harlanduzko dobela-arkua agertu zen, fatxada oso-osorik ixteko aukera ematen zuena. 1741ean eraikitako Santa Marinako Uribe Mayor edo 1764an eraikitako Santa Apoloniako San Julian Baserri-Jauregia (fatxadan lanketa eta pintura interesgarriak azaltzen ditu) garai hartan eraiki edo berriztutako baserri aipagarriak dira.

Arku biko baserriei dagokienez ugari dira aipamena merezi dutenak: Orozketan Otalora., Orozketa Goikoa, Bekoetxe, lsundegi, Arteaga eta San Julián, Garaizar lurretan, Mañarikua Goiurian, Uribe Arriandin, Trazola eta Bastarreko Orobion, eta estilo honetako azkenetarikotzat jo daitekeen Ertzilla baserria Santa Marinan. Bilakaera honek arkitektura mailako punturik gorena eman zion baserriari. Horren ostean, jakina denez, bilakaerak aurrera jarritu zuen eta ate handia ez ezik bestelako lehengo ezaugarri batzuk ere galdu zituen nekazal etxe mota honek.

Baserri bakoitzak bere historia darama aldean eta horren ondorioz batzuek armarriak erakusten dizkigute fatxadetan: Orozketako Etxaran baserriak Berriz-Ganboa leinuaren armarria azaltzen du. Amatza Bekoa baserriak, aldiz, bertan jaiotako Juan Jose Maiztegik, 1933an Panamako lehen Artzapezpiku izendatu zutenean, propiotzat hartutako armak ditu agerian.

Baserrietatik hurbil zenbait eraikin egon ohi da, hala nola ogia egiteko labeak, garaixeak eta arnagak. Hauen artean Santa Marinan Ertzille baserriaren aurrean dagoen izen bereko garaixea nabarmendu behar dugu, 1655ean jadanik aipatua eta 1986-87an Bizkaiko Foru Aldundiak berriztua. Goiuriako Baserri-Jauregiaren aurrean beste garaixe bat dago, baina Ertzillekoari gertatu ez bezala, bigarren honi hormak geroxeago erantsi zizkioten eta horrek guztiz itxuraldatu du garaixea. Auzo honetan bertan, Uribarren Goikoa baserriaren aurrean hain artez ere, oso arnaga interesgarria topa dezakegu. Arnagak negurako bedar edo lastoa gordetzeko eraikinak dira eta garaixeen aldean badute desberdintasunik, ezen zutoinen gainean egon beharrean horma baten gainean eraikiak baitira.

Baserriarekiko loturarik gabeko eraikin zibilen artean 1739an egindako abade-etxea daukagu alde batetik, eta bestetik 1670 inguruan altxatutako Goikolea Jauregia, Iurretako Dorretxea zenaren orubean bertan agertzen dena, gaur egun Iurretako Elizateko Udaletxea dagoen etxea, hain zuzen ere. Jauregi honek Iurreta-Ganboatarren armaria agertzen du fatxadan.

Komunikabide garrantzitsu ugari artean egon izanak Iurretan bide-azpiegiturarekin lotutako zenbait elementu mantentzea ahalbidetu du, esate baterako Arandiako zubi ederra, XVlII.mendeko eraikin barroko sendoa izanda, edota 1831n Arriandin jarritako bide-adierazlea, "Arrantza Portuetarako Bidea" egin zenekoa".